B a n a k a

Iñaki BIDEGAIN    





  Adinarekin pilotaria hipersentibera bihurtzen da sentsazio hauetara, Julianek badaki, ez du bakarrik sentitu nahi, ahitua, gogortua; bere  besoak, bere zangoak, bere bizkarra, bere eskuak, baldartuak, bere  begiratua, galdua.
  Sentsazio hau eskarmentu handiko pilotari batengan agertzen  denean, urteetan gora joan eta gainbeheraren hasieran dagoela  jakitun, jasanezina egiten da, latza; aje horrek bere pilotari  esperientzia kudeatzeko ezina erakusten du, bere porrota tanto  horretan, partidu horretan.

 

14 eta 17: Sake luzea, Retegik oso adi erantzun ona eman dio, Ladisek menderatutako piloteo luzea, Julianek aurre egin eta agintea hartu, Ladis nekatu samartuta ote dagoen dirudi eta Julianek hori baliatu nahirik, oinak ezarri, begiratu eta dejada bota du txokora, Ladisek asmatu eta iristeaz gain dejada egin du zabalean, tanto. Julian partiduari eusten ari zaio, ez da erortzen, galdutako aukera bat, sortuko dira berriak, ez asko, hurrengoan derrigor asmatu behar du, kontzentratu egin behar du, zuhurtziaz borrokatu, ahitu gabe, aukera sortu arte borrokatu eta hutsik ez egin.

15 eta 17: Julian oso kontzentratuta itxaroten dago, Ladisen sakea oso bortitza izan ez arren Retegik huts eta tanto.

16 eta 17: Retegik sakeari emandako erantzun onak tantoa gidatzea ahalbidetzen dio, pilotakada on batzuen ondoren huts egin eta falta, ezker paretan gora bidali du. Julian keinuka hasi da, aulkian eseri da, hartu arnasa, txukuna jarri da, eskuoihala bitan bota du, kendu paretik, martiriak eta santuak airean dabilzki, goraintziak Jainkoari, keinu gehiago bi eskuekin, baretu eta altxa da halako batean. Ladis irabazten ari zaio, gerturatzen, bere pilotarekin, aukera ona egin du, kontzentratuta jarraitu behar du, nekea kontrolatu, Julianen keinuei muzin egin, bere hitzak, madarikazioak, haizeak eraman ditzala. Badirudi Julianek kontrola galdu behar duela, baina ez du galtzen, tentsioak kanporatzen ditu, bera kontzentratuta mantentzeko gauza da, madarikatzen duen bitartean are gehiago kontzentratu, imintzioak egiten ditu, alde guztietara begiratzen du, lurrera, aurkariarengana, Ladisek arreta beregan jarri dezan nahi du, begiratzeko, zulatzeko, kontzentrazioa galarazteko.
  Bigarren atsedenaldia denbora gutxian, Julian purrustaka jardun da, badaki batzuetan horrela aritzeak bera lasaitu egiten duela, pozoia kanporatzen du, berari arreta akuilatzen laguntzen dio. Partidua berriro hasi da, atsedena ez da oso luzea izan, nekatuta egon arren indartsu sentitzen da, beste pixka batean jardun dezake denak emanda, gora bihotzak, gartsuki jaiki da Julian, sututa, bere kantxaratzeak bestea izutu lezake, baina ez gaur, bera berriro kontzentratu dadin baino ez dio balioko gaur, bere mamuak uxatu ditzan.


  Bere garuna arreta gorenean jarri da, 5 edo 6 edo agian 10 tantotan jarrai dezake horrela, ez gehiago, ez du gehiago behar, irabazi edo galtzeko ez du gehiago behar, bere aurreikuspenak ez dira bete, bere aurreikuspenak pikutara joan dira, orain dela lau tanto arte dena ongi zihoan, orain aurreko dena bukatu da, ezer ez da amaitu. Beste partidu bati egin behar dio aurre Julianek eta irabazi edo galdu dezake, Ladis pilotari aparta da, hasieratik kontzentratu izan balitz irabazi egingo lioke, Julianek badaki hori baina ez du beldurrik, ez da uzkurtu; ahal duela badaki, Ladisek huts egin dezakeela ere bai, huts egin beharra dauka, bera bezala Ladis ere nekatuta dagoela badaki, indar asko alperrik joan zaio, nekatuta egon behar du, orain tanto bakoitza partidu bat da, biak indartsu daude 6 edo 7 tantotarako, biak daude nekatuta.


17 eta 17: Ladisek ongi atera eta Retegik ongi erantzun, parekotasuna piloteoan, txandakako agintea, tantoa luzatzen ari da, jo eta su bi pilotariak, nekatzen ari dira, hustutzen, Julianek eutsi nahi baina ezkerrez huts egin eta txapa azpira bota du, nekearen lanak.
    Artekariak erotu egin dira, apustuzaleak aieneka, papera gora eta papera behera, Ladisek buelta eman dio markagailuari, partidua berriro hasi da, hasieran bezala Ladisek aterako du, partidua 5 tantotara izango da, Ladisek partidua agintzen hasiko du, pozarren, ia ahalguztidun. Aldageletan, eserita, bizkarra bermatuta, Ladis Galartza astindutako eskuoihalaren haizea hartzen ari da, burdin saredun leihotik sartzen dena, beteta dago, nekatuta, bere erresistentzia fisikoaren mugara heldu dela ematen du, bere aulkiak, bere txokoak, ring batekoak dirudite. Julianek aurreko tantoan bere burua prestatu du jadanik, datorrela etorri beharrekoa, bere amorrazioa azaleratu du, baretu da, azken tanto hau bakarra izango balitz bezala jokatu du, partidu bat tanto bakarrera, abantailarik gabe, atzera begiratu gabe, tanto hori partidua izango balitz bezalaxe, eta galdu egin du; beste bost tanto geratzen dira, bederatzi asko jota, hasieran bezala Ladisek aterako du, Julianek sake bat lortu behar du, bere sakea, pilota aldatu eta egurra eman.



Libro ya disponible en librerías
Castellano  castellano       < Regreso a principal Volver


Visite http://www.altoaragon.org